XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Larresoro eta Torrealdaray

Lantxo honi amaiera ematean, Larresorok eta Torrealdayk duela bi urte euskal apaiz gazteaz Z. Argian (450 [1971-X-17]) eta 454 ([71-X1-7]) eduki zuten polemika berrirakurtzea gogoratu zait.

Artikulu hauek Jakinek ere argitaratuak daude, Piarres Xarritonen beste lantxo batekin batean (Erlijioa hauzipean, Jakin 1972,203-228 orr).

Edozein gonbarazio nardagarri omen da.

Ni ez nator gonbarazio bat egin nahirik.

Lan honi egokiegi ez dagokion eraskina da hau, beharbada.

Ekin egiten diot halere, eta bakar bakarrik Horkheimer-ek erlijioaren egiazko eta gezurrezko liberalizazioa dela eta agertzen digun problema-giroa, gure herrian ere behin eta berriz agertu izan dela adieraztearren, Horkheimer-ek planteatzen duena ez dela, alegia, ez dakit nik nongo filosofo xelebre baten gauerdiko eztula.

Euskal Herria, batzutan ez badirudi ere, Europaren barruan dago.

Erlijio arazoak Euskal Herrian berebiziko aldakuntza jasan du, eta oso urte gutitan.

Gertakizun hori esplikatzeko arrazoiak, asko eta asko aurki daitezke.

Aldakuntza hori hain urte gutitan gertatu izanaren arrazoi bat, eta nabarmena, hau da: Eliza Katolikoak gure herrian ukan duen indarra eta nagusigoa.

Indar horrek, hein handi batetan behintzat, porrot egitean, lo-zorro astun batetik irten garela denok dirudi, nahi ez zuen asko ere irten beharrean aurkitu dela.

Erromeria zaratatsuegia gertatu zen lo-goxoan jarraitu ahal izateko.

Erromeria hontan txistulari ezberdinek partehartzea ez da txokatzekoa.

Onuragarri da, zalantza izpirik gabe.

Erlijio gertakizuna arazo bilakatzean, gure gizarteak dituen taldeetarik bat interrogaziopean aurkitzen da besterik gabe: apaiz taldea.

Apaiza da, gizarte mailan, erlijioaren irudi garrantzizkoenetakoa, apaiza da erlijiozko ofizioa gizartean betetzen diharduena.

Apaizaren irudiari heltzean, beraz, erlijio arazoari heltzen zaio zuzenki.

Halaxe egin zuten Larresorok eta Torrealdayk ere.

Ez ziren lehenengoak izan, noski, eta zorionez azkenak ere ez dira izanen.

Azterketa orok sor dezake argi-izpi berririk, iritzi ezberdinak beti gerta daitezke aberasgarri,(...).